Detox-aren mitoa

Gabon ostean, ongizatearen ekosistema erronkaz eta mezu xukatzailez betetzen da. Mezu horiek erruduntasunari eta organismoa “garbitzeko” beharrari egiten diote dei. Garai Nutrizioa eta Errendimendua zentrotik, ebidentzia zientifikoan oinarritutako ikuspegia eman nahi dugu: detox-aren mitoa hautsiz, “detox” dieta kontzeptuak ez baitu oinarri fisiologikorik.

Detox-aren mitoa eta metatutako “toxinen” falazia

Nutrizio-marketinak “toxina” terminoa modu anbiguoan erabiltzen du erosketa-beharra sortzeko eta hau da detox-aren mitoa hausteko lehen arrazoia. Medikuntzan eta nutrizioan..

>> Toxina bat berehalako kaltea eragiten duen substantzia espezifiko bat da. 

  • Odolean sustantzia kaltegarrien maila patologikoak bagenitu, konponbidea ez litzateke espinaka-zukua izango, esku-hartze klinikoa baizik.
  • Gure organismoa ez da zikintzen den iragazki bat (kafetegi batena bezala); fluxu eta transformazio sistema dinamiko bat baizik.

Benetako protagonistak: Eliminazio-sistema endogenoak

Kanpoko mirarizko produktuak bilatu beharrean, gure barneko garbiketa-sistema sofistikatuari eman behar diogu balioa. Prozesu hau etengabe gertatzen da, batez ere bi organo nagusitan:

Gibeleko biotransformazioa (I. eta II. faseak)

Gibela gure laborategi metaboliko nagusia da. “P450” zitokromoaren entzimen bidez (I. fasea) eta konjugazio-prozesuen bidez (II. fasea), substantzia liposolubleak (kanporatzeko zailak direnak) hidrosoluble bihurtzen ditu, behazunetik edo gernutik egotzi ahal izateko.

  • Zer behar du prozesu honek? Ez du baraualdirik behar; aitzitik, aminoazido espezifikoak, B taldeko bitaminak, antioxidatzaileak (glutatioa, kasu) eta mineralak (selenioa edo zinka) behar ditu. Paradoxikoki, dieta murriztaileek kofaktore esentzial horien gabezia izan ohi dute, gibelaren lana zailduz.

Giltzurrun-iragazkia

Giltzurrunek barne-ingurunearen homeostasia mantentzen dute. Oreka elektrolitikoa doitzen dute eta metabolismo proteikoaren hondakinak (urea, adibidez) iragazten dituzte. Giltzurrunari “laguntzeko” modurik onena hidratazio egokia eta sodioaren kontsumo neurtua dira, ez irabiatu diuretikoak.

Zergatik ez diren nahikoak (eta askotan kaltegarriak) irabiaki berdeak?

Barazkiak jatea aukera bikaina den arren, otorduak irabiakiekin ordezkatzeak arriskuak ditu osasunaren zein errendimenduaren ikuspegitik:

  1. Elikagaiaren matrizea suntsitzea: Likuatzean, zuntz disolbaezina galtzen da, mikrobiotaren osasunerako eta gluzemia kontrolatzeko ezinbestekoa dena.
  2. Gluzemia eta intsulina pikoak: Zuntzik eta murtxikaziorik gabe, fruituen berezko azukrea (intrintsekoa) azkarregi xurgatzen da, asetasun-seinaleak kaltetuz.
  3. Masa muskularra galtzeko arriskua: “Detox” plan horiek proteina falta handia izan ohi dute, eta horrek sintesi proteikoa eta muskulu-masa arriskuan jartzen ditu, osasunari eta kirol errendimenduari zuzenean eraginez.
  4. Oxalatoen kontzentrazioa: Barazki gordin batzuen (espinaka, adibidez) gehiegizko kontsumoak oxalatoen ekarpena handitzen du, eta horrek giltzurrun-kalkuluak (harriak) sortzea eragin dezake batik bat hauek izateko joera duten pertsonengan.

Gehiegikerien ostean errekuperatzeko benetako estrategia

Abenduko gehiegikerien ostean, detoxa-ren mitoa jarraitzea oso ohikoa da. Horrelako estrategiak bilatu beharrean, Garai Nutrizioa eta Errendimenduan honako hau proposatzen dizuegu:

  • Erritmo zirkadianoak berrezarri: Alkoholak eta otordu luzeek loa asaldatzen dute. Ordutegiak berreskuratzea da neurririk “detox”ena; loaldian garbitzen baititu sistema glinfatikoak garuneko hondakin metabolikoak.
  • Dentsitate nutrizionala, ez murrizketa kalorikoa: Gibelari lana errazten dioten BENETAKO ELIKAGAIAK lehenetsi (barazkiak, frutak, haragi txuriak, arrautzak, lekaleak, arrainak, fruitu lehorrak…).
  • Glukogenoaren kudeaketa: Karbohidrato ingesta gehiegizkoen ostean, indar-entrenamendura itzultzea da modurik eraginkorrena intsulinarekiko sentsibilitatea hobetzeko eta soberako energia-erreserba horiek modu eraginkorrean erabiltzeko.

Ondorioa

Utzi alde batera detox-aren mitoa eta marketing-a. Abenduko gehiegikeriak ez dira hiru eguneko zuku-dietarekin orekatzen; epe luzerako osasuna eraikitzen duten ohituretara bueltatuz baizik. Zure gorputzak badu osatzeko behar den teknologia; zuk sustratu egokiak eta estimulu fisiko zuzena eman behar dizkiozu; horixe da gakoa.

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude