Azken urteotan gero eta gehiago entzuten da oxidazio estresa hitza, gure gorputzeko prozesu askoren oinarrian dagoen kontzeptua: zahartze zelularra, ugalkortasun maskulinoa eta femeninoa, edo hormona-oreka bera ulertzeko ezinbestekoa da. Baina… lotuta al daude oxidazio estresa eta osasun hormonala? Zein eragin du elikadurak?
Zer da oxidazio estresa?
Estres mota hau, erradikal askeen (oxigenoaren espezie erreaktiboak, ROS) eta antioxidatzaileen arteko desoreka dagoenean gertatzen da. Erradikal askeak gure metabolismoaren parte dira, baina haien ekoizpena handitu egiten da hurrengo faktore hauen ondorioz:
- Tabakoa, alkohola edo elikadura proinflamatorioa
- Ingurumen-kutsadura eta metal astunak
- Estres fisiko edo psikologiko kronikoa
- Infekzioak edo gaixotasun autoinmuneak
- Tratamendu batzuk (kimioterapia, erradioterapia, etab.)
Desoreka hau gertatzen denean, zelulek kalte oxidatiboa jasaten dute:
- Gizonezkoen kasuan, gehiegizko ROS kantitateak espermaren DNA zatitzea, mugikortasunaren galera eta obulua ernaltzeko zailtasunak eragin ditzake.
- Emakumezkoen kasuan, estrogenoen ekoizpen hormonalean alterazioak, granulosako zelulen apoptosian, folikuluen hazkuntzan murrizketa eta obuluen kalitatean galera eragiten du.
Beraz, ikus daitekeen gisan, bai gizonetan, bai emakumeetan, oxidazio estresak hormona-produkzioa eta gametoen kalitatea alda ditzake. Gizonezkoetan, testosterona-maila jaitsi eta funtzio testikularrean zuzenean eragin dezake; emakumezkoetan, berriz, obulazioan eta obuluen kalitatean eragina izan dezake.
Horregatik, osasun hormonala ez da soilik hormona-mailen kontua; gorputzaren oreka oxido-erreduktiboa ere funtsezkoa da —hau da, oxidazioaren eta antioxidazioaren arteko oreka nola kudeatzen dugun—.

Elikaduraren papera oxidazio estresa eta osasun hormonalean
Elikadura antioxidatzailea da gure aliaturik onena ugalkortasuna eta osasun hormonala babesteko. C eta E bitaminak, selenioa, zinka, karotenoideak eta polifenolak (frutetan, barazkietan, fruitu lehorretan eta olibolio birjinean aurkitzen direnak) lagungarriak dira erradikal askeak neutralizatzeko.
Horrez gain, L-karnitina, glutationa eta flabonoideak ere zelulen babesean eta espermatozoideen funtzioan funtsezkoak dira.

Estresa, atsedena eta bizimodua
Elikaduraz gain, estresaren eta atsedenaren kudeaketa egokia, zuzenean lotuta dago gure hormona-orekarekin. Ondo lo egitea, ariketa fisiko erregularra egitea eta konposatu toxikoen esposizioa murriztea funtsezko gakoak dira osasun hormonala hobetzeko.
Laburbilduz:
Ugalkortasun maskulinoa eta femeninoa gure bizimoduaren isla dira. Espermatozoide eta hormonek, gure eguneroko hautuei erantzuten diete.
Ezin dugu munduko kutsadura guztia saihestu, baina janariaren kalitatea, mugimendua eta gehigarrien hautaketa kontzientea gure esku daude. Prozesu honetan laguntza nahi bazenu, GARAI ZENTROAN laguntzeko prest gaude.
Ugalkortasuna zaintzea, azkenean, bizitza eta etorkizun osasuntsua zaintzea da.
Eta gogoratu: ugalkortasun-arazoak ez dira emakumearen kontua soilik. AUA/ASRM 2024 gida-lerroen arabera, beti ebaluatu behar da gizonezkoa ere, kausa zuzentzeko aukerak bilatu eta tratamendu pertsonalizatuak eskaini ahal izateko.

