Proteina eta “leiho anabolikoa”

Ohikoa da urtarrila iristen denean, urtero bezala jende askok helburu berriak ezartzea. Askotan entzuten den asmo berri bat zera izaten da: “gimnasioan hasiko naiz”. Gimnasioak betetzen dira, motibazioa goraka… eta ia automatikoki beste ideia bat agertzen da:
👉 “Entrenatzen hasiz gero, lehen egunetik bertatik osagarriak hartu behar dira.”

Proteinak, kreatina, preentrenoak, BCAA-ak… eta nola ez, klasikoena:
👉 “Entrenatu eta berehala, derrigorrezkoa da proteina-batidoa hartzea, leiho anabolikoarengatik.”

Baina… benetan horrela al da? Gaurko blog-ean hau guztia azaltzen ahaleginduko gara.

Gimnasioan hasteak EZ du osagarriak hartzen hastea esan nahi

Hau da lehenengo argitu beharreko puntuetariko bat.

Osagarriak ez dira magikoak, ez dira gimnasioan progresioa lortzeko baldintza, eta are gutxiago hasten ari den norbaitentzat. Izan ere, izenak berak dioen gisan: osagarriak dira. Hau da, oinarria ondo eraikita dagoenean etortzen dira:

  • Elikadura orekatua
  • Janari kopuru nahikoa
  • Entrenamendu egokia
  • Atseden ona

Oinarrizko zutabe hauek sendoak ez badira, ez dago gehigarri edo osagarri bakar bat ere hori konponduko duenik.

Garai zentroa-n sarri ikusten dugu: jendeak lehenago gastatzen du dirua osagarrietan, ondo jaten ikastean baino. Eta hor egoten da, askotan, aurrerapenik ezaren arrazoia.

Shakerraren aurretik, platera

Gimnasioan hasten den norbaitentzat, lehen gakoa hau izanen da:

  • Egunean zehar hobeto banatutako otorduak
  • Elikagaien bidez proteina nahikoa hartzea
  • Zentzuz entrenatzea
  • Gehiago eta hobeto lo egitea

Arrautzak, lekaleak, arraina, haragia, esnekiak, zerealak, fruta, barazkiak… Horrek eraikitzen du muskulu-ehuna, hobetzen du errendimendua eta laguntzen du berreskurapenean. 

Mito handienetariko bat: “leiho anabolikoa”

Ziur entzun duzula:
“Entrenatu ondoren 30 minutu dituzu proteina hartzeko, bestela entrenamendua ia alperrik izan da, lehio anabolikoa aprobetxatu behar da.”

Hau zientziaren gehiegizko sinplifikazioa da.

Egia da entrenamenduaren ondoren gorputza egoera egokian dagoela mantenugaiak aprobetxatzeko. Baina ez dago ate magiko bat 30 minututan bat-batean ixten denik. Muskulu-berreskurapena eta proteinen sintesia ordu askotan mantentzen dira aktibo entrenatu ondoren.

Benetan garrantzitsua dena ez da batido zehatz bat momentu zehatz batean hartzea, baizik eta:

  • Egun osoko proteina kopuru egokia
  • Otorduetan nola banatzen den rpoteina hau
  • Orokorrean nahikoa jaten ari zaren ala ez

Entrenatu eta 1, 2 edo 3 ordura otordu oso bat egiten baduzu, gorputzak berdin-berdin aprobetxatuko du bertan sarturiko proteina edukia.

Orduan… zer? Balio dute proteina-batidoek?

Bai, balio dute baina ez normalean saltzen diren moduan. Proteina batidoak zer diren ulertu behar dugu lehenik. Ez dira hauts magiko batzuk, baizik eta beste proteina iturri bat dira, arraina edo arrautzak izan daitezkeen bezala, baina isolaturik. Batidoa erabilgarria da:

  • Janariarekin proteina beharrizanak osatzera iristen ez zarenean
  • Erosotasuna bilatzen duzunean
  • Etxetik kanpo entrenatzen duzunean
  • Entrenatu ondoren jateko gogorik ez duzunean

Baina kontuz..

Ez da derrigorrezkoa.
Ez da magikoa.
Ez du elikadura txarra konpontzen.

Proteina hartzeko modu eroso bat besterik ez da.

Urtarrilean gehien ikusten den akatsa

Jende askok gimnasioan hasten denean hau pentsatzen du:

  • Zer osagarri erosi
  • Zer batido hartu
  • Zer preentreno erabili

Aldiz… benetan egin beharreko galdera garrantzitsuak hauek dira:

  • 👉 Nahikoa jaten ari naiz?
  • 👉 Nola banatzen ditut otorduak?
  • 👉 Nire mailara egokitutako entrenamendua egiten ari naiz?
  • 👉 Ondo ari naiz atseden hartzen?

Hor dago emaitzen %80–90a.

Oroitu…

Urtarril honetan gimnasioan hasi bazara:

  • Lehenetsi ohiturak, ez osagarriak.
  • Ikasi ondo jaten, osagarriak erabili aurretik.
  • Ahaztu “leiho anabolikoa” eta orekatu zure otorduak egunean zehar
  • Erabili osagarriak bakarrik benetan zentzua dutenean.

Garai nutrizioa eta errendimenduan argi daukagu:
Lehenik oinarria eraiki. Ondoren, beharrezkoa bada, osagarriekin findu.

Oinarria eraikitzen laguntza behar duzula uste baduzu, Garai Zentroan zerbitzu hori aurki dezakezu!

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude