Ameriketako Estatu Batuetako piramide nutrizional berria 

Ziur aski askok entzun izan duzue dagoeneko Ameriketako Estatu Batuetako piramide nutrizional berria aurkeztu dela. AEB-ko Elikadura Giden azken eguneraketarekin batera, elikadura osasungarria nola antolatu azaldu nahi duen irudikapen grafiko berri bat da. Lehen begiratuan, diseinuak mezua sinplifikatu eta ulerterraza eman nahi duela dirudi. Hala ere, sakonago aztertzen badugu, irudiak ez duela beti dokumentuaren testuan azaltzen denarekin bat egiten ikus daiteke: https://cdn.realfood.gov/DGA.pdf

Irudiaren eta testuaren arteko kontraesanak

Ameriketako Estatu Batuetako piramide nutrizional berri honen arazo nagusietako bat irudiak transmititzen duen mezuaren eta testuan jasotzen diren gomendioen arteko koherentzia falta da. Irudikapen grafikoak lehentasun batzuk azpimarratzen ditu, baina horiek ez daude behar bezala justifikatuta azalpen teorikoetan.

Kontuan hartu behar da elikadura-gida hauek eragin handia dutela bai eguneroko erabakietan, bai osasun publikoarekin lotutako politiketan. Horregatik, mezua argia, koherentea eta erraz interpretatzekoa izan beharko litzateke; kasu honetan, ordea, zalantzak sortzen dira.

Proteinaren protagonismoa: kantitatea ala kalitatea?

Aldaketa nabarmenetako bat proteinari ematen zaion garrantzi handiagoa da. Proteina funtsezko mantenugaia da muskulu-masa mantentzeko, sistema immunologikorako eta metabolismoaren funtzio askotarako. Duela urte batzuk oso kantitae txikian gomendatzen zen, eta egia da azken ebidentziek honen kontsumoa zertxobait areagotzea gomendatzen digutela. Hala ere, ez dira berdinak proteina-iturri guztiak, eta horrek osasunean eragin zuzena du.

Gidak ez du modu argian bereizten animalia jatorriko eta landare-jatorriko proteinaren artean. Piramidean, lekaleak, fruitu lehorrak eta bestelako proteina begetaleko iturriak oso leku txikian agertzen dira, nahiz eta ebidentzia zientifikoak argi erakutsi elikadura orekatuan duten garrantzia.

Lekaleek, adibidez, kalitatezko proteina, zuntza, bitaminak eta mineralak ematen dituzte, eta haien kontsumo erregularra osasun kardiobaskular eta metaboliko hobearekin lotuta dago. Mezu hori, ordea, ez da behar bezala islatzen irudian.

Animalia jatorriko proteinaren nagusitasuna eta interes-gatazkak

Piramideak animalia jatorriko elikagaiei —haragia, arrautzak eta esnekiak— leku nagusia ematen die. Ikuspegi hori bereziki eztabaidagarria da dokumentuak berak abeltzaintza-estentsibo industriari ematen dion babes instituzionala aitortzen duelako, eta horrek interes-gatazka posible baten aurrean jartzen gaitu.

Gomendio nutrizionalak interes ekonomikoekin lotutako testuinguruan sortzen direnean, ezinbestekoa da mezua ikuspegi kritikoarekin aztertzea eta ebidentzia zientifiko independentean oinarritzea.

Gantzen inguruko mezu nahasiak

Beste puntu eztabaidagarri bat da gomendio teorikoen eta irudikapen grafikoaren arteko desadostasuna, bereziki gantz aseei dagokienez. Gidak gantz aseen kontsumoa mugatzea gomendatzen duen arren, gantz mota horietan aberatsak diren elikagaiak piramidean leku nabarmenean agertzen dira (gurina, haragi gorria…).

Horrelako mezu anbiguoek zaildu egiten dute populazioak ulertzea zein elikagai lehenetsi eta zein kontsumitu neurriz.

Gomendioen indibidualizazioaren garrantzia

Garai Zentroan argi dugu ez dagoela pertsona guztientzat balio duen elikadura-eredu bakar bat. Behar nutrizionalak asko aldatzen dira adinaren, osasun-egoeraren, jarduera fisikoaren, testuinguru sozialaren eta ohituren arabera.

Elikadura-gidak orientazio orokor gisa erabilgarriak izan daitezke, baina ez dute inoiz ordezkatzen elikadura pertsonalizatua. Elikadura osasungarria ez da piramide bati zorrotz jarraitzea, baizik eta gomendioak pertsona bakoitzaren beharretara egokitzea, elikagai erreal, askotariko eta egokiak lehenetsiz.

Ondorioa

Ameriketako Estatu Batuetako piramide nutrizional berria elikadura osasungarriaren mezua sinplifikatzeko egina dago, baina kontraesan eta hutsune garrantzitsuak ditu, eta horrek nahasmena sor dezake. Nutrizionalki arduratsua den ikuspegi batetik, ezinbestekoa da gida hauek irizpidearekin interpretatzea, mezu sinplifikatuak zalantzan jartzea eta pertsonalizatutako gomendioen alde egitea, betiere ebidentzia zientifikoan oinarrituta.

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude