Psikonutrizioaren eta hezkuntza nutrizionalaren ikuspegitik
Gabonak urtero heltzen dira argiz, tradizioz eta berrikuspenez beterik… baina baita gorputzarekin eta elikadurarekin lotutako mezu kontraesankorrez ere. Garai honetan sare sozialak milaka trikimailurekin betetzen dira, kaloriak erretzeko erronkekin eta familia-bazkarietatik “bizirik ateratzeko” aholkuak emanez besteak beste. Eta ohartu gabe, Gabonak konektatzeko espazio izatetik kontrolaren eta erruaren, murrizketaren eta kontrolik ezaren, plazeraren eta beldurraren arteko borroka-gune bihurtzera pasatzen dira. Artikulu honetan, Gabonetan elikadurarekin harreman osasuntsua izateko zer ez genukeen egin beharko azaldu nahi dugu.
Psikonutrizioan dihardugun profesionalok urtero, urtarrilean, ehunka pertsona jasotzen ditugu porrot egin dutela sentitzen dutenak, nekatuta eta etsita, Gabonetan “kontrolatzen jakin” ez dutelako. Eta beti esaten dieguna hau da: arazoa ez da janaria, nola bizi dugun baizik.
Horregatik, gabonetan elikadurarekin harreman osasuntsua izateko, eta gure gorputza zein gure emozioak benetan zaintzeko hauek ekiditea izanen da gure gomendioa:
❌ 1. EZ genuke “prestatu” behar jan aurretik murrizketak eginez
Abenduan, jende askok egiten du “Gabon aurreko baraua” deitzen dena: otorduak saltatzea, afari berezietara gose biziz iristea edo “konpentsatzeko” bakarrik entsaladak aukeratzea.
Estrategia hau da jateko portaera inpultsiboaren eragile nagusietako bat, eta azalpen fisiologiko eta psikologikoa du:
- Murrizketak garuna biziraupen moduan mantentzen du.
- Gose-sentsazioa, presioa eta pentsamendu obsesiboak handitzen ditu.
- Elikagaiak erakargarriago eta “erresistiezinago” bihurtzen ditu.
- Asetasun-gaitasuna gutxitzen du
Ez duzu “arin iritsi” behar afari batera. Elikatuta, orekatuta eta lasai iritsi behar duzu.
❌ 2. EZ genuke konpentsatu behar (ez aurretik, ez ondoren)
Konpentsatzea era askotara ikus daiteke:
- “Bihar fruta bakarrik gosalduko dut.”
- “Gaur ura baino ez dut afalduko.”
- “Astelehenean ondo jango dut.”
- “Bihar kardio bikoitza erretzeko.”
- “Gehiegi jan dut, gaur ez dut askaririk egingo.”
Baina guztiek mezu bera dute barruan:
“Nire gorputzak gaizki egin du eta zigortu behar dut.”
Eredu hau behin eta berriro errepikatzeak ondorio hauek dakartza:
- Errua
- Jateko portaera emozionala
- Atrakoiak
- Kirolarekin erlazio txarra
- Kontrol-galera sentsazioa
Zure gorputzak ez du zigor gehiago behar. Erregulartasuna, atsedenaldia eta konfiantza behar ditu.
❌ 3. EZ genuke ariketa erabili behar trikimailu moduan
Ariketa egitea bikaina da. Aldiz, “bart afarian jan nuena erretzeko” egitea, ez.
Mugimendua konpentsazio-tresna gisa erabiltzen denean, osasunetik urrundu eta auto-zigor bihurtzen da. Honen guztiaren ondorio psikologikoak handiak dira:
- Ariketa eta errua lotzen dira.
- Nekea edo nazka mentala agertzen da.
- Mugimenduarekiko plazera galtzen da.
- Murrizketa–gehiegikeria–konpentsazio zirkulua elikatzen da.
Mugitu ondo sentitzeko, ez “ezer konpontzeko”.
❌ 4. EZ genuke pisatu behar gabonetan
Gabonetan balantzak ez du zure errealitatea neurtzen. Neurtzen duena da:
- Gatzak, azukreak eta likidoak
- Digestioan dauden elikagaiak
- Aldaketa hormonalak
- Lo-erritmo desberdina
- Estresa
- Alkoholaren eragina edo jarduera fisiko txikiagoa
Epe hauetan pisatzeak errua eta gorputzarekiko hiperkontzientzia pizten ditu. Ikerketek erakusten dute jaietan maiz pisatzen diren pertsonek ez dutela hobeto jaten; baina bai ordea, antsietate handiagoa izaten dutela.
❌ 5. EZ genuke demonizatu behar ohiko Gabonetako elikagaiak
Turroiak, polboroiak, roskoak, panettonak… ez dira etsaiak. Ez dira zure osasuna suntsitzeko sortu. Kultura-elikagaiak dira, sinbolismo emozional handikoak.
Zenbat eta gehiago debekatu elikagai bat:
- orduan eta nahiago izango duzu,
- orduan eta erru handiagoa sortuko zaizu jatean,
- orduan eta atrakoi eragile handiago bihurtzen da.
Tradizioak gozatzeko daude, ez beldurtzeko, eta ezta sufritzeko ere.
❌ 6. EZ genuke onartu behar (ezta egin) gorputzei edo kantitateei buruzko iruzkinik
Gabonetan ohikoen eta kaltegarrienetakoa da:
- “Benetan errepikatuko duzu?”
- “Pixka bat beteago ikusten zaitut.”
- “Bai, horrela bai, argal-argal zaude.”
- “Nik hori ezin nuke jan.”
- “Zeinen guapa zauden hainbeste argalduta”
Esaldi hauek guztiak epai, konparazio eta baldintzapeko begirada daramate atzean. Heldu askoren elikadura-zauriak esaldi “inuzente” hauetatik datoz.
Gorputzak ez dira mahaiko gai izan behar. Ez zurea, ez inorena.
❌ 7. EZ genuke “dena edo ezer ez” mentalitatean erori behar
Gabonetan askotan bi mutur agertzen dira:
✖ “Dagoeneko hemen nago, beraz guztiz pasako naiz.”
✖ “Ondo portatuko naiz eta ez dut ezer probatuko.”
Biak muturrak dira. Biak kaltegarriak. Biak zure barne-seinaleetatik deskonektatzen zaituzte.
Gakoa da malgutasun kontzientea: erru gabe, zurruntasunik gabe eta debekuak eragindako gehiegikeriarik gabe gozatzea.
❌ 8. EZ genuke emozioak alde batera utzi eta janarian jarri behar
Gabonak oso mugituak izaten dira: nostalgia, estresa, bakardadea, familia-presioa, itxaropen altuak… Ez baditugu emozioak entzuten, janariak bere gain hartzen ditu ez dagokion funtzioak. Eta azkenean, emozio horiek elikadurarekin betetzen ditugu. Zertarako?
- lasaitzeko
- hutsuneak betetzeko
- estresa arintzeko
- tristura leuntzeko
Ez zara ahulagoa hori gertatzen bazaizu… gizakia zara. Eta ez da ezer gertatzen emozio bat honela kudeatu baduzu. Ziurrenik, denbora asko daramazu honela kudeatzen eta zure garunak ez daki beste era batetara egiten. Dena den, hau ere desikas daiteke. Konponbidea ez da janaria kontrolatzea, emozioa entzutea eta hauek kudeatzen ikastea baizik.
❌ 9. EZ genuke geure burua behartu behar “perfektuki” gozatzen
Baimenduta dago:
- Ez dena jatea.
- Atseden hartzea.
- Egun batzuk ez disfrutatzea.
- Une batzuetan gosea ez sentitzea.
- Alkoholik ez nahi izatea.
- Estimatuegi sentitzea.
Osasun emozionala mugak eta autozaintza praktikatzea ere bada.
Beraz… nola eraikiko dugu gabonetan elikadurarekin harreman osasuntsua?

Gabonak ez lirateke bizi behar:
- gizentzeko beldurraz,
- jatearen erruaz,
- etengabeko konpentsazioaz,
- autoeskaera zorrotzaz edo zurruntasunaz.
Gabonak askoz adeitsuagoak izan daitezke, baldin eta…
✨ gure gorputza errespetuz tratatzen badugu
✨ geure buruari gozatzea baimentzen badiogu
✨ kontzienteki eta errurik gabe jaten badugu
✨ emozioak entzuten baditugu
✨ malgutasuna praktikatzen badugu
✨ eta gogoratzen badugu Gabonak egun batzuk direla, ez azterketa bat



