Elikaduraren ikuspegi holistikoa alde batera utzita
Azken urteotan, Nutrizentrismoa gero eta indar handiagoa hartzen ari da gure gizartean. Gure plateraren azterketa kimiko eta teknikoa da, eta horrek elikagaien etiketei, kaloriei eta makronutrienteen ratioei arreta gehiegi jartzea eragiten digu.
Ikuspegi honek, ordea, elikaduraren zati garrantzitsuenak alde batera uzten ditu: Elikagaien kalitatea, bere osotasunean eta plateraz gozatzeko ahalmena. Zergatik da arriskutsua joera murriztaile hori gure osasun fisiko eta mentalarentzat? Artikulu honetan, nutrizentrismoaren arriskua azpimarratu nahi dugu.
Zer da Nutrizentrismoa?
Nutrizentrismoa elikadura ikuspegi erredukzionista batetik ulertzea da, non elikagaia ez den bere osotasunean ikusten, baizik eta osagai kimikoen (proteina, gantz, karbohidrato) bilduma bat bezala.

Jarrera horrek elikagaiak matematikoki optimizatzera garamatza, hau da, kalkuluak lehenestera esperientziaren gainetik. Baina elikagaien balioa ez dago soilik bere nutrizio zenbakietan; bere testuinguruak, jatorriak eta jateko dugun moduak ere eragina du.
Nutrizentrismoaren arriskua: Nutrienteen obsesiotik haratago
Nutrizionista bezala, azpimarratu nahi dugu nutrizentrismoaren arriskuak edo kalteak hainbat izan daitezkeela. Badirudi gure teilatura harriak botatzen ari garela, baina ez. Artikulu honekin ikusarazi nahi dugu nutrizionisten lana ere nutrienteetatik haratago badoala.
1. Elikagaien matrizea eta janari errealaren balioa
Nutrizentrismoak produktu prozesatu askoren marketin-taktika onartzen du. Adibidez, proteina altua duen gozoki bat “osasuntsua” izan daiteke irizpide nutrizentristen arabera, gure helburua proteina handitzea bada.
Hala ere, ikuspegi honek alde batera uzten du:
- Elikagaien matrizea: Elikagai osoetan, nutrienteak elkarrekin lan egiten dute. Adibidez, yogur oso batean dagoen D bitaminak, honen kaltzioa hobeto aprobetxatzen lagunduko du. Osagarri batean isolatuta dagoen kaltzioa berriz ez da hain ongi xurgatuko..
- Janari erreala: Ezinbestekoa da elikagaien kalitatea lehenestea. Gure aiton-amonek jaten zuten janari freskoa, gutxien prozesatua, eta ez “nutriente hobetuak” dituzten ultraprozesatuak.
2. Gozamenaren eta gizarte faktorearen desagertzea
Elikadura gure kulturan ospakizun sozial askotako erdigunea izan ohi da, eta baita gozamena ere. Baina nutrizentrismoa zorrotza denean, otordu batek plazer izateari uzten dio eta “kontrol” bihurtzen da.
- Plazerra eta digestioa: Janaria gozatzen dugunean, gure digestio-aparatuak hobeto lan egiten du. Estresatuta edo kalkulatzen ari garenean, digestio-prozesuak okertu egiten dira.
- Gizarte isolamendua: Elikadura-arauak zurrunegi bihurtzen badira, otordui sozialak saihestera eraman gaitzake, kalkulu perfektua ez hausteko. Jatearen plazerra eta gure ingurukoekin partekatzea ezinbestekoak dira giza osasun osorako.
3. Osasun mentala eta ortorexiaren arriskua
Nutrizentrismoak Ortorexia delakoaren arriskua handitu dezake, hau da, “osasuntsu” jateko obsesio ez-osasungarria.
Etengabe etiketen analisiak, kalkuluak eta zenbakiak begiratzeak estres handia sortzen du. Nutrizentrismoa erdigunean jartzen denean, elikagaia ez da bere osotasunean begiratzen eta aukeraketak kontroletik egiten dira, kalkulu matematiko bat jarraituz. Honek beldurra edo erruduntasuna sentitzera eraman gaitzake, ezarritako zenbaki helburuak ez badira betetzen edo kalkuluak aldatzen badira.
“Kontuz irizpide murriztaileekin: Horrelako obsesioak edo janariarekiko kezka gehiegizkoak antzematen badituzu, garrantzitsua da laguntza profesionala eskatzea. Garai zentroan Psikonutrizio zerbitzua eskaintzen dugu, elikagaiekin duzun harremana osasuntsuagoa izan dadin”
Irtenbidea: ikuspegi holistikoa berreskuratu
Nutrizentrismoa baztertu eta elikadura holistikoaren ikuspegia hartzea da helburua. Elikagaiak bere osotasunean hartu, bere onura guztiak aprobetxatuz:
- Lehenetsi jatorria: Janari erreala, prozesamendu maila gutxiagorekin eta, ahal izanez gero, hurbilekoa eta sasoikoa.
- Gozatu eta zukutu momentua: Jan ezazu lasai. Sentsazioei arreta jarri, eta ez zenbakiei.
- Malgua izan: Otordu sozialetan edo ospakizunetan, gozamena eta konexioa lehenetsi. Otordu puntual batek ez du ohitura osasuntsu on bat hondatuko, baina estresak bai.
Ondorioa: Nutrizentrismoaren arriskua egerikoa da. Gure osasuna hobetzeko modurik onena ez da elikagaiak lupa kimiko batekin aztertzea, baizik eta janari errealaren, plazeraren eta testuinguru sozialaren indarra berreskuratzea.
Zure janariaren eta gorputzaren arteko harremana hobetu nahi duzu kalkulagailurik erabili gabe? Jar zaitez gurekin harremanetan eta hasi elikadura modu orekatuan bizitzen.



