D bitamina gure gorputzarentzat ezinbesteko mikronutrientea da, eta “eguzkiaren bitamina” izenez ere ezaguna da, gure gorputzak eguzkiaren argiaren bidez sortzen duelako. Hala ere, gaur egun, kontsultan maiz ikusten dugu, pertsona askok D bitaminaren gabezia dutela, eta horrek osasun arazo desberdinak eragin ditzake. Blog honetako artikulu honetan, D bitaminaren funtzioak, iturriak eta gabeziak zer ondorio izan ditzakeen aztertuko dugu.
Baina hasteko…
Zertarako da beharrezkoa D bitamina?
D bitaminak hainbat funtzio garrantzitsu betetzen ditu gure gorputzean:
- Hezurren osasuna: ezinbestekoa da kaltzioa eta fosforoa xurgatzeko eta hezurretan finkatzeko. Gabeziak osteoporosia eta haustura-arriskua handitu dezake.
- Immunitate-sistema indartzea: Gaitz infekziosoen aurkako defentsa hobetu egiten du, eta hantura-prozesuak kontrolatzen laguntzen du.
- Muskuluen funtzioa eta erresistentzia: Muskuluen indarra eta koordinazioa mantentzen laguntzen du.
- Osasun kardiobaskularra eta buruko osasuna: Ikerketa batzuek iradokitzen dute D bitaminak bihotzeko gaixotasunak eta depresioa prebenitzen lagun dezakeela.
D bitamina iturriak
D bitamina modu naturalean lor daiteke iturri desberdinetatik:
- Eguzki-argia: D bitaminaren iturri nagusia da. Larruazalak UVB izpiak jasotzean, D bitamina sintetizatzen du. Hala ere, latitude altuetan edo eguzki-esposizio gutxiko tokietan, sintesia murriztu daiteke.
- Elikagaiak: bitamina hau duten elikagai batzuk honako hauek dira:
- Arrain koipetsuak (izokina, sardina, atuna).
- Esneki indartuak eta landare-edariak.
- Gorringoa
- Perretxiko batzuk (UV argiarekin tratatuak).
- Osagarriak
D bitaminaren gabeziaren arriskuak – HIPOBITAMINOSIA
D bitamina gutxiegi izateak ondorio larriak ekar ditzake:
- Haurrengan: Errakitismoa, hezurrak ahul eta deformatuak izatea.
- Helduengan: Osteomalazia (hezur bigunak) edo osteoporosia garatzeko arrisku handiagoa.
- Beste sintomak: Nekea, muskuluen ahulezia, infekzio gehiago izateko joera edo aldarte baxua.
Gabezia saihesteko, gomendagarria da mailak aldizka kontrolatzea, batez ere arrisku handiko taldeetan: adinekoak, haurdun dauden emakumeak eta eguzki-esposizio gutxi dutenak.
| Gabezia-larria | < 10 ng/ml |
| Gabezia | 10-19 ng/ml |
| Gutxiegitasuna | 20-29 ng/ml |
| Balio egokiak | 30-100 ng/ml |
Zenbat D bitamina behar dugu? – Beharrizanak
Adina, bizi-ingurunea eta egoera pertsonalak kontuan hartuta, bitamina honen beharrak aldatu egiten dira pertsona batetik bestera. Osasun-erakundeek honako gomendioak ematen dituzte:
*(1) OHARRA: 1 μg = 40 UI.
** (2) OHARRA: Hala ere, gehiegizko D bitamina hartzeak ere arazoak sor ditzake, beraz, beti komeni da profesional baten aholkuak jarraitzea.
Nola hobetu dezakegu D bitaminaren maila?
- Eguzkitan egonez: 15-20 minutuko eguzki-esposizio zuzena astean hainbat aldiz nahikoa izan daiteke. Baina ez ahaztu hurrengo gomendioez:
- D bitaminadun elikagaiak jatea.
- Osagarriak erabiltzea: Diagnostiko baten bidez gabezia baieztatzen bada.
D bitamina gure gorputzaren oinarrizko pieza da, eta gabeziak osasun arazo garrantzitsuak sor ditzake. Eguzkitan modu arduratsuan egotea, dieta orekatua egitea eta, behar izanez gero, osagarriak hartzea, D bitaminaren maila optimoak mantentzeko gakoak dira.
Zure osasunaren alde urratsak eman nahi badituzu edo zure D bitaminaren maila kezkagarria dela iruditzen bazaizu, jarri harremanetan nutrizionista batekin. Prebentzioa da osasunaren oinarria!🌞



