Kafeina munduko estimulagarririk kontsumituena da, eta haren eragina kirol errendimenduan interes handiko ikerketa-eremua bihurtu da. Artikulu honetan, kafeinaren ezaugarri nagusiak, kirolarien errendimenduan eta errekuperazioan dituen onurak eta arrisku potentzialak aztertuko ditugu.
Hasi baino lehen, kontuan izan kafeina gehigarri bat dela, eta hau erabiltzen hasi aurretik, gure elikadura, atseden eta entrenamendu oinarriak bermatzea izango litzatekeela egokiena. Laguntza behar izanez gero, GARAI zentroan kirol errendimenduan espezializatuta gaude.
Zer da Kafeina?
Kafeina substantzia psikoaktibo naturala da, batez ere tea, kafea, kakaoa eta guarana bezalako landareetan aurkitzen dena. Kimikoki, adenosina hartzaileen inhibitzaile bat da, eta horrek nekea murrizten du eta alerta-egoera handitzen du.
Kafeinaren eragina nerbio-sisteman eta muskulu-ehunetan nabarmena da. Estimulazio honek bihotz-maiztasuna eta odol-zirkulazioa hobetzen ditu, eta, aldi berean, metabolismoaren aldaketa batzuk eragiten ditu, energia hobeto aprobetxatuz.
Kafeina kirol errendimenduan
Kafeinak hainbat kirol-motatan onurak eskaintzen ditu, eta bere eragina hainbat mekanismoren bidez gauzatzen da:
1. Erresistentzia Hobetzea
- Gantzaren oxidazioa sustatzen du: Kafeinak energia iturri gisa gantza erabiltzea bultzatzen du, glukogeno-erreserbak kontserbatuz. Horrek jarduera fisiko luzearen iraupena handitzen laguntzen du.
- Fatigaren atzerapena: Adenosinaren blokeoa dela eta, neke-sentsazioa beranduago agertzen da.
2. Indarra eta Abiadura Handitzea
- Muskulu-aktibazioa areagotzen du, batez ere esprintetan edo abiadura handiko errepikapenetan.
- Kontrakzio muskularren efizientzia hobetzen du, indar handiagoa sortzeko.
3. Foku Mentala eta Kontzentrazioa
- Erreakzio-denbora hobetzen du, eta horrek eragin positiboa du taldeko kiroletan eta estrategia behar duten jardueretan.
Kafeina eta Errekuperazioa
Nahiz eta errekuperazioan duen eragina ez den hain nabarmena, ikerketek iradokitzen dute badirela hainbat alderdi kontuan hartu beharrekoak:
- Glikogeno-erreserben birsorkuntza: Kafeinak karbohidratoekin batera hartzen denean, muskuluetako glukogeno biltegiak azkarrago berreskuratu ditzake.
- Neke mentala gutxitzea: Nekea arintzeak entrenamendu eta lehiaketa artean denbora gutxian errekuperatzeko aukera ematen du.
Non aurkitu dezakegu kafeina?
Kafeina, iturri naturaletan eta artifizialetan aurki daiteke, hala nola:
- Kafe eta tea: Ohiko iturri nagusiak.
- Edari energetikoak: Kafeina kontzentrazio altua dute.
- Kirol osagarri espezifikoak: Kapsulak, gominolak, gelak, barritak…
- Txokolatea: Kakaoak ere kafeina kantitate txiki bat badauka
Nola eta zenbat kafeina hartu kirol errendimendua hobetzeko?
- Kirol saioaren aurretik
Kafeinak eragina egin dezan, 30-60 minutu behar ditu gorputzean xurgatu eta odol-maila gorenera iristeko. Kirol-saioaren aurretik dosi bat hartzeak energia-mailak igo, kontzentrazioa hobetu eta nekea atzeratzen lagunduko du.
- Dosi gomendatua: 3-6 mg/kg pisuko (adibidez, 70 kg-ko pertsona batek 210-420 mg hartzea gomendatuko litzake).
- Hartzeko momentua: Jardueraren aurretik 30-60 minutu.
- Kirol saioaren bitartean
Saio luzeetan, gorputzaren glukogeno-biltegiak hustu egiten dira, eta nekea areagotzen da. Unean-unean kafeina gehiago hartzeak energia eta fokua mantentzen laguntzen du, gorputzaren erresistentzia luzatuz.
- Kirol saioek 2 ordu baino gehiago irauten badute, kafeina berriz hartu dezakezu energia mantentzeko.
- Dosia: Bitartean, 1-2 mg/kg dosiak erabili (adibidez, 70 kg-ko pertsona batek 70-140 mg).
- Noiz: 90-120 minuturo hartu, batez ere kontzentrazio mentala mantentzeko eta nekea atzeratzeko.
- Nola: gel energetiko, kapsula edo edari bidez
- Ondoren
- Errekuperazio fasean, kafeina eta karbohidratoak konbinatzeak efektu positiboa izan dezake.
Kafeina gehiegi hartzearen albo-kalteak
Kafeina dosi handiek albo-ondorio kaltegarriak eragin ditzakete, hainbat gorputz-sistematan eragiten dutenak:
1. Lo-arazoak
- Kafeina loaren zikloan zuzenean eragiten du, melatoninaren produkzioa inhibituz. Horrek insomnioa, atseden-gabezia eta loaren kalitate txarra eragiten ditu, energia-mailak jaisteko arriskua ekarriz. Gainera, eguneko lo falta errendimendua okertzera darama.
2. Urdaileko molestia
- Kafeina urdaileko azidoen ekoizpena areagotzen du, eta horrek azidotasuna, idorreria eta narritadura gastrointestinala sor ditzake. Hesteetako arazoak ohikoak dira kafeina handiz kontsumitzen dutenen artean, batez ere entrenamendu gogorrak egiten badituzte.
3. Estimulazio handiegia
- Dosi altuek zorabioak, eskuen dardara eta antsietatea eragin ditzakete. Estimulazio gehiegizkoak bihotz-maiztasunaren eta tentsio arterialaren igoera eragiten du, arrisku kardiobaskularra handituz.
4. Errendimenduaren alderantzizko eragina
- Kafeina gehiegi kontsumitzeak kontrako efektua izan dezake, nekearen eta ahultasun sentsazioa areagotuz. Gorputzak gehiegizko estimulazioa estres moduan interpreta dezake, errendimendua murriztuz eta kontzentrazioa oztopatuz.
Hori dela eta, kafeina kontsumoa arrazionalki eta beharretara egokituz egitea ezinbestekoa da albo-ondorio horiek saihesteko eta haren onurak aprobetxatzeko. Gehienezko dosi segurua 400 mg/egun ingurukoa da helduentzat; kantitate hau 4-5 kafe beltzen parekoa da.
Ondorioa
Kafeina kirol errendimenduan tresna indartsua izan daiteke, errendimendua hobetzeko gaitasun handiarekin. Hala ere, kontsumoa neurtua eta kontrolatua izatea ezinbestekoa da, gehiegizko efektuak saihesteko. Orokorrean, zure helburuak, gorputzaren erantzuna eta kirol-jarduera kontuan hartuta hartu behar da. Zuretzat egokiena zein den jakiteko, esperimentazioa eta kirol-elikadura profesional baten aholkuak ezinbestekoak dira.



