g793e9df39a9098d54d164a37d8b81bdd12dbcc43690ca8a1f9c464c4e5bd69445b91201e9494a3e2763f46fba2943502df50f03f487ec0a70f88864a55fc4ac0_1280-3697014.jpg

UDAKO ELIKADURA MITOAK

Blogeko sarrera honetan, udaberri eta udako elikadura mitoak aztertuko ditugu. Garai honetan mito asko agertzen dira, baina zer dago egia eta zurrumurruaren artean?

Eguzkia berriro gure egunerokoan presenteago denean eta arropa arinagoak ateratzen hasten garenean, elikadurari eta gorputzaren zaintzari buruzko kezkak areagotu egiten dira. Garai honetan, ohikoa izaten da mezu sinplistak eta askotan gezurtatuak entzutea: “detox” dietak, “elikagai miragarriak” edo “metabolismoa bizkortzen duten” trikimailuak. Baina, benetan, zer dago mezu horien atzean? Zientziak zer dio?

Gaurko sarreran, udaberri eta uda garaian sarritan entzuten diren lau mito nagusi aztertuko ditugu xehetasunez. Helburua argia da: diskurtso arriskutsuak desmuntatzea eta ikuspegi profesional, egiaztatu eta orekatua eskaintzea. Jarraian, mito horiek banan-banan aztertuko ditugu:


>> “Goizean jeiki eta berehala ura limoiarekin edateak metabolismoa azkartzen du”

udako elikadura mitoak: ura limoiarekin

Egia da urak hidratazioa hobetzen duela, eta limoiak C bitamina eskaintzen duela, baina ez dago ebidentzia zientifikorik horrek metabolismoa bizkortzen duenik, ez dago froga sendo zientifikorik hori egiaztatzeko.

Ezin dugu limoi-urarekin gantza “erretzen” hasi. Elikadura orekatua, jarduera fisikoa eta atseden egokia dira metabolismoa eraginkortasunez mantentzeko giltzak

>> “Entsaladak jateak zuzenean argaltzen du”

udako elikadura mitoak: entsaladak

Entsaladek osasungarri jateko aukera ugari ematen digute, baina horrek ez du esan nahi entsalada jateak argaltzea eragingo digunik. Argaltzea ez da elikagai konkretu baten bidez lortzen, baizik eta ohitura orokorren emaitza.

Gainera, kontuan izan behar dugu entsalada horiei gehitzen dizkiogun osagaiak. Ez dugu ahaztu behar entsaladen kalitatea eta balantze nutrizionala osagaien araberakoa dela: frijituak, gazta koipetsuak, ogi zuri kantitate handiak edo saltsa industrialak gehitzen baditugu, “efektu aringarria” espero izatea engainagarria da.

>> “Piñak zelulitisa kentzen du”

udako elikadura mitoak: piña

Piñaren diuretiko efektua eta zapore freskoa baliagarriak izan daitezke hidratazioa hobetzeko eta fruta gehiago jateko ohitura hartzeko. Hala ere, zelulitisa ez da “kenduko” piña jateagatik. Zelulitisa aldaketa hormonalen, genetikaren eta ehun konektiboaren egituraren emaitza da. Elikadura osasuntsuak lagundu dezake egoera ez larriagotzen, baina ez du soluzio miragarririk eskaintzen.

>> “Detox dietak ezinbestekoak dira negu ostean”

udako elikadura mitoak: detox dietak

Udako elikadura mitoak aztertzen hasita, honako hau askotan entzun eta ikusten duguna da. Detox dietak askotan iragartzen dira neguaren ondoren “gorputza garbitzeko” edo “berrezartzeko”. Diskurtso hori erakargarria izan daitekeen arren, zientziak argi du: gure gorputzak baditu berezko mekanismoak toxinak kanporatzeko, batez ere gibela eta giltzurrunen bidez. Dieta oso murriztaileek, gainera, arriskuan jar ditzakete osasun metabolikoa eta elikadura-ohitura orekatuak. “Detox” beharrean, hobe da elikadura orekatua eta naturala berreskuratzea.

Gainera, 2017ko ikerketa batean ikusi zen zuku eta “detox” dietek hasierako pisua galtzea eragin dezaketela kaloria gutxi hartzeagatik, baina elikadura normal bat berrezarri ondoren pisua irabazteko joera handitzen dela.

Hori guztia kontuan hartuta, garrantzitsuena da ikuspegi orekatu eta eramangarri bat izatea elikaduraren inguruan. Udaberria eta uda aukera paregabea dira ohitura osasungarriak sendotzeko, baina beti-ere ebidentzian oinarrituta. Zaintzea ongi dago noski, baina zentzuz eta behar bada, profesionalen laguntzaz.

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude