Osasuna eta ongizatea iraunkortasunez lortzeko aholkuak
Urtarrila iristen denean, urte hasierako helburu berriak ere iristen dira. Askotan, elikadurarekin, pisuarekin edo bizimodu osasuntsuagoarekin lotutako asmoak izaten dira: “pisua galduko dut”, “azukrea utziko dut”, edo “kirola egiten hasiko naiz”. Baina, zergatik huts egiten digute asmo horiek sarritan? Gakoa errealismoan eta epe luzeko ikuspegian dago. Artikulu honetan, helburu errealistak nola ezarri azalduko dizuegu, osasuna zaintzeko modu iraunkor eta positibo batean.
1. Helburu errealistak: Zergatik dira garrantzitsuak?
Sarritan, urte hasieran promesa asko egin ohi ditugu eta gehiegi eskatzen diogu geure buruari. Epe laburreko gehiegizko exijentzia honek kasu askotan huts-egitera eramaten gaitu, frustrazio egoera batera eramanez. Urte hasierako helburu berriak errealistak izateak:
- Ezinezkoak diren helburuak saihesten ditu: Honek, lehen aipatutako frustrazioa eta amore ematea ekiditen du.
- Eguneroko errutinetan aldaketa txikiak egiten laguntzen du: Eguneroko aldaketa txiki hauek epe luzerako emaitzak lortzeko modua dira. Errutinaren parte bihurtu behar ditugu aldaketa horiek, eta gehiegizko esfortzua egiten ari gareneko sentsazioa ekidin
- Motibazioa mantentzen laguntzen du: Errazago jarraitu daitezke.
Adibidea:
- Aldatu “hilabete batean 10 kilo galduko ditut” esaldia. Horren ordez, aukeratu “elikadura orekatua izango dut, eta astean 3 aldiz ariketa egingo dut”. Honek, lehenengo helburura eramango gaitu agian epe luzera, baina fokua ekintzetan jarriko dugu, eta ez emaitzan.
2. Helburu errealista eta on baten ezaugarriak: SMART metodoa
SMART metodoa helburuak modu eraginkor eta errealistan ezartzeko sistema bat da. Bere izena bost hitzen akronimo bat da, eta helburu egoki batek izan beharreko ezaugarriak deskribatzen ditu. Metodo honek argitasuna, plangintza eta motibazioa hobetzen ditu helburuak lortzeko.
Hona hemen SMART hitzen esanahia:
1. S – Zehatza (Specific)
Helburua ahalik eta zehatzena izan behar da. Ez da nahikoa “osasun gehiago zaindu nahi dut” bezalako asmo orokor bat. Helburuak zehaztutako norabidea izan behar du.
- Adibidea:
Ez jarri “kirol gehiago egingo dut”; horren ordez, esan “astean 3 aldiz korrika egingo dut, 30 minutuz”.
2. M – Neurgarria (Measurable)
Helburua neurgarria izan behar da, hau da, lorpena ebaluatzeko modua izan behar duzu. Zenbakizko edo kuantifikagarri den zerbait sartzeak laguntzen du aurrerapena ikusten.
- Adibidea:
“Fruta gehiago jango dut” beharrean, esan “egunero 2 fruta anoa jango ditut”.
3. A – Lor daitekeena (Achievable)
Helburua lortu ahal izateko modukoa izan behar da, zure egoeraren eta baliabideen arabera. Ez jarri errealitatetik urrun dagoen helbururik, hori frustragarri bihurtuko baita.
- Adibidea:
Ez esan “hilabete batean 10 kilo galduko ditut”, baizik eta “hilabete batean 2 kilo galduko ditut dieta orekatua eta jarduera fisikoa eginez”.
4. R – Garrantzitsua (Relevant)
Helburuak zuretzat garrantzitsua izan behar du eta zure behar edo balioekin bat egin behar du. Helburua pertsonala izan behar da, ez beste norbaitengandik datorrena.
- Adibidea:
“Lagunen presioa dela eta, dieta egingo dut” beharrean, izan motibatua eta esan “nire osasuna eta energia hobetzeko, elikadura orekatua jarraituko dut”.
5. T – Denboran mugatua (Time-bound)
Helburuak epe bat izan behar du. Noiz nahi duzu lortu? Denbora-muga honek presio positiboa sortzen du eta motibazioa mantentzen laguntzen du.
- Adibidea:
Ez esan “noizbait kirola egiten hasiko naiz”, esan “aste honetan hasiko naiz, astelehenean lehen saioa eginez”.
3. Epe luzeko aldaketak lortzeko gakoak
Helburu iraunkorrak betetzeko, jarraitu aholku hauek:
1. Aldaketa txikiekin hasi:
Ez aldatu zure bizimodua erabat bat-batean. Adibidez:
- Astean behin postrean fruta freskoa aukeratu, gozokien ordez.
- Freskagarriak utzi eta ura edo infusioak edaten hasi.
2. Ohiturak apurka errotu:
Ohitura osasuntsuak garatzeko, errepikapena garrantzitsua da. Hainbat aste behar dira errutina berri bat sendotzeko. Adibidez:
- Saiatu egun berean eta ordu berean kirola egiten.
- Elikadura osasuntsu prestatzeko ordutegi bat egin.
3. Ez izan zorrotzegia:
Batzuetan, bizitzak zailtasunak aurkezten ditu, eta hori normala da. Egun batean zure helburua ez baduzu betetzen, ez izan errudun. Eutsi errutinari hurrengo egunean.
4. Osasuna sustatzeko helburu batzuk (ideiak)
A. Elikadura:
- Egunero 5 fruta eta barazki anoa jan
- Plateraren metodoa jarraitzen saiatu
- Azukre erantsia duten produktuak murriztu (esate baterako, freskagarriak edo opil industrialak)
B. Kirola eta mugimendua:
- Egunero 30 minutuko paseoa eman
- Astean 2-3 egunez jarduera fisikoren bat egin
- Ordenagailu aurrean ordu asko igarotzen badituzu, orduro 5 minutuz zutitu eta mugitu
C. Ongizate mentala:
- Astero 10 minutuz meditazioa edo arnas-lana praktikatu
- Pantailaren aurrean denbora murriztu: gauetan pantaila digitalak itzali ohera joan baino ordubete lehenago
- Zure burua hobeto ezagutzeko, egunero 3 gauza positibo idatzi zure egunkarian
5. Motibazioa mantentzeko trikimailuak
- Aurrerapenak idatzi: Zure lorpenak edo aldaketak idazteak zure motibazioa indartuko du.
- Egin ospakizunak: Egin helburu txikiak eta saritu zure burua lorpen bakoitzean (esaterako, liburu berri bat erostea).
- Laguntza bilatu: Familia edo lagunekin partekatu zure asmoak; eurek lagunduko dizute motibatuta egoten.
6. Ondorioak
Helburu errealistak ezartzea da urte berria osasuntsu eta positibo hasteko modurik onena. Ez ahaztu: aldaketak apurka egiten dira, eta kontsistentzia da gakoa. Zure osasuna zaintzea ez da maratoia irabaztea, baizik eta epe luzera iraungo duten ohitura onak sortzea.
Ez ahaztu: zure helburu txikien bidez urrats handiak ematen dituzula. Ongi hasi urtea, eta joan pixkanaka nahi duzun bidea eraikitzen!
Eta zure helburu berriekin laguntza behar baduzu, GARAI zentroan laguntzeko prest gaude.



